Iñaki Goirizelaia errektoreak 2010eko Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa programarako Euskal Herriko Unibertsitatearen hautagaitzaren ildo estrategikoak aurkeztu dizkio gaur, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzan izandako bileran, Patxi Lopez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lehendakariari. Proiektuaren aurkezpenean Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Isabel Celaa eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu Bernabe Unda ere izan dira, unibertsitateko iturriek zehaztu dutenez. Halaber, Gizarte Erantzukizun eta Unibertsitate Hedakuntzako errektore-ordea ere bertaratu da ekitaldira, Amaia Maseda alegia. Nazioarteko Bikaintasunerako Campusa izeneko egitasmoa Espainiako Hezkuntza Ministerioak sustatu du. "Bere helburua unibertsitateen kalitatea hobetzea da, Espainiako unibertsitate-sistemaren agregazio, espezializazio, bereizte eta nazioartekotzeaz baliatuz", EHUko arduardunen arabera. Deialdi honetan unibertsitateek euren campusak Nazioarteko Bikaintasun Campus bihurtzeko aurkeztu dituzten proiekturik onenak aukeratuko dira. Izan ere, deialdi honen xedea proiektu horiek abian jartzeko finantzazioa ematea da, autonomia erkidegoetako parte hartzearekin garatu daitezen. Argazkian, Goirizelaia eta Lopez gaurko bileran / © EHU.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!