Espainiako Polizia Nazionalak atzo atxilotutako Enrique Noya "Kini" eta Urko Izagirre "Bosnio" algortarrek inkomunikatuta jarraitzen dute. Abokatuak tortura ekiditeko hainbat neurri hartzeko eskatu zion Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileari eta horrek protokoloa deritzona onartu du. Beraz, teorian, atxilotuek konfiantzako medikuarekin egoteko aukera izango dute, atxiloketa aldia kameraz grabatua izango da eta senideei atxilotuen egoeraren berri emango zaie. Hala ere, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak gogora ekarri duenez, "aurrez ere protokolo hau aplikatu izan zaie zenbait atxiloturi eta, hala ere, torturak salatu izan dituzte". Bestalde, "oraindik ez da frogatu atxiloketa aldia kameraz grabatua izan denik, defentsako abokatuak ez baitu aukerarik izan bideo hauek ikusteko", gaineratu du errepresioaren kontrako erakundeak. Zentzu horretan, tortura ekiditeko neurri eraginkor bakarra "inkomunikazio amaitu eta atxilotua zuzenean epailearen aurrera eramatea" dela uste du AAMk, "inkomunikazio egoerak tortura egon dadin ahalbideratzen duelako". Haizea Ziluaga abokatuak azken atxilotuek, Jon Rosales algortarra tartean, jasandako torturei buruz aritu da Info7 irratian (mp3). Argazkian, atzo bezala, gaur ere manifestazioa egingo dute Algortan, 20:00etan, Telletxetik abiatuta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!