Gaurko ekimenekin jarraituz, Gasteizko campusean, eguerdian tortura saio bat irudikatu dute ikastegiko sarreran, 30 pertsonek kontzentrazioa egiten zuten bitartean. Biharko, berriz, torturari buruzko hitzaldia eskainiko dute TATeko kideen eskutik, Filosofiako 1.52 ikasgelan. Bestalde, San Mameseko Ingeniaritza Eskolako PATek salatu duenez, gaur eguerdian egin beharreko mobilizaziora deitzeko kartelak -besteak ez- kentzen aritu da norbait aste osoan zehar. Horrez gain, tortura salatzeko kartelak jartzen aritu bitartean, segurtasun guardiak atzetik zelatan eta galdezka izan dituztela salatu dute. Beste fakultate batzuetan ere mobilizazio eta ekimen desberdinak antolatu dira, torturaren aurka. Arangoitin kontzentrazioa egin dute zenbait ikaslek. Casillan, berriz, panel informatiboak jarri eta tortura testigantza kasu desberdinen berri eman dute.
PATen irakurketa:
1981 urtea zen Joxe Arregi Zizurkilgo herritarra atxilotu eta 9 egunez bortizki torturatua izan zenean. Komisariako infernua atzean utzi zuen 9 egun inkomunikaturik igaro eta gero, baina Carabanchel espetxeko ospitalean sartu behar izan zuten benetan egoera tamalgarrian. Bere gorputza ubelduraz eta erreduraz josita zegoen, eta gutxi iraun zuen bizirik. Otsailak 13 hartako bere hitzek ongi adierazten dute Joxe Arregik pairatu behar izan zuena. Oso latza izan da esan eta heriotzaren marra igaro zuen.
Azken 40 urteotan 7.000 euskal herritar baino gehiago izan dira basakeria hau sufritu dutenak. Euskal Herritarren aurkako errepresio eroan tortura egunero erabili baitute unean-uneko gobernu ezberdinek.
Independentziaren aldeko borrokarekin amaitzeko tresna politiko bezala erabiltzen du tortura espainiar gobernuak, informazioa politikoa eskuratu, atxilotuen autoinkulpazioak lortu eta euskal herritarren artean benetako beldurra zabaltzeko helburuarekin.
Tortura sistematikoa dela esaten dugu, eta atzean utzi ditugun hilabeteak dira esten dugunaren adibide. 2009. urtean 45 euskal herritar torturatu dituzte Guardia Zibilek, Ertzainek eta Espainiar Poliziek. Azaroan gazte independentisten aurka buruturiko polizia operazio zabalak torturaren ankerkeria erakutsi digu berriz ere, tartean hainbat neska gazte sexualki jazarriak izan zirelarik. Honez gain, urte honetako lehen hilabetean gogor jo gaitu ostera torturaren errealitateak. Pello Olano lizartzarra ankerki torturatu zuen Guardia Zibilak inkomunikazio aldian. Eta Ondarroan Ertzaintzak atxiloturiko euskal herritarrei inkomunikazio egoera muturreraino luzatu diete, hauek ere tortura larriak salatu dituztelarik.
Gure aldetik, data hauetan gogoan izan nahi ditugu Euskal Herrian torturatuak izan diren herritarrak, bereziki torturak hil dituenak. 2010. urtean oraindik orain torturaren errealitatearekin aurrez aurre aurkitzen gara, atxilotuen inkomunikazioak horretarako zigorgabetasun guztia eskaintzen dielako torturatzaileei.
Presoen Aldeko Taldeak (PAT)