Astelehenean zabalduko ditu ateak Astrabuduako osasun zentro berriak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 24a, 19:43

Astrabuduako osasun zentro berriak datorren astelehenean, martxoak 1, zabalduko ditu ateak, inguru horretako 15.000 bat bizilagunei asistentzia sanitarioa emateko, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Erandioko Udalak Osakidetzari lagatako 1.360 metro koadroko orube batean dago, Mezo kaleko 30. zenbakian. Bitartean, osasun erakundeak 1,4 milioi euro jarri ditu horren eraikuntzarako eta ekipamendurako. Bertan, Astrabuduako osasun zentro zaharrean oraindik zerbitzua ematen duten 7 medikuek, 8 erizainek, 2 pediatrek, emaginak eta 5 administrari laguntzaileek egingo dute lan, "gero eta handiagoa den asistentzia eskaria betetzeko, zentro zaharra txikia zelako, eta argia eta aire-berritzea eskasak", azaldu dutenez. Argazkian, Joseba Goikouria Erandioko alkatea eta Jesus Maria Fernandez Osasun sailburuordea xingola mozten.

Solairu bakar bat eta 700 metro koadroko azalera dauka eraikin berriak. Arkitektura aldetik xumea da: gela zabalak badauzka, leiho handiak eta modu nabarmenean bereizitako gune bi; bata asistentziala eta bestea administratiboa. Zentroan, familiako medikuntzarako 4 kontsultategi, erizaintzako 5, pediatriako 2, emaginaren kontsultategia eta erditzea prestatzeko gela izango dira, beste zerbitzu batzuen artean. Gainera, etorkizunean gerta litekeen handitzea erraz egiteko moduan eraiki da, beharrezkoa izatekotan, bigaren solairua egiteko aukera dagoelako. Osakidetzako zuzendari nagusi Julian Perez Gilek ez du aukera hori baztertu, Erandioko alde horretan ematen ari den "hazkunde demografiko etengabea" kontuan hartuta.

Aldaketak

Gaur egin den inaugurazio ekitaldian Perez Gil bera egon da; baita Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuorde Jesus Maria Fernandez ere. Azken horrek osasun zentroaren "kalitatea" nabarmendu du eta "Gobernuak garatu beharreko estrategia askok Lehen Mailako Atentzioko euskal zerbitzuetan eragingo dutela" adierazi du. Fernandezek nabarmendu duenez, "paziente kronikoekiko sistemaren orientazio berriak, asistentzia eredu berrien bultzadak, teknologia berrien erabilera zabaltzeak eta laster ezagutzera emango den errezeta elektronikoa hedatzeko plazak ekarriko dute, modu erabakigarrian, Lehen Mailako Atentzioan dugun ereduaren aldaketa.

Sailburuordeak esan duenez, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eta foru aldundiek espazio soziosanitarioaren gaur egungo eredua berrikusten ari dira, menpekotasun egoeran dauden gaixoak artatzeko funtzionamendu sistema berriak aztertuz. Osasun zentroek eta familiako medikoek jokatzen duten paperari eragingo omen dio horrek.

Inaugurazio ekitaldian, Joseba Goikouria Erandioko alkateak eta Mari Luz Marques Osakidetzaren Uribe Eskualdeko zuzendari kudeatzaileak ere parte hartu dute. Tokiko agintariak adierazi duenez, "zoriontzekoa da Udalaren eta Osakidetzaren arteko lankidetzaren emaitza".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun