Agirre Lehendakaria Batzordeak aurkezpen bikoitza egin du gaur, asteazkenarekin, Bilboko Carlton hotelean, Getxo udalerriko alkate eta Eusko Jaurlaritzako aurreneko lehendakaria izan zen Jose Antonio Agirre Lekuberen heriotzaren 50. urteurrenaren harira. Batetik, 2010 osoan garatuko duten jarduera-egitaraua aurkeztu du Juan Maria Atutxa Sabino Arana Fundazioaren presidenteak. Ekitaldiok askotarikoak dira: instituzionalak, akademikoak, kulturalak, jolas-jarduerak, eta abar. Hasteko, martxoaren 6an, ekitaldi instituzionala egingo dute Lehendakaritzaren egoitzan. Gurera etorriz, Getxon ere egingo dute antzeko jarduera, apirilaren 15ean. Horretan, azaroan Agirreren izaera "munizipalistari" buruzko ikerlan baten emaitzak aurkeztuko dira. Bestalde, Lehendakariagirre.eu izeneko webgunea aurkeztu du Jose Antonio Rodriguez Ranz historialari eta Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Eusko Jaurlaritzaren lehenengo lehendakariari bere heriotzaren 50. urteurrenean eskainitako web orrian inoiz lehenago bildu ez diren hari buruzko dokumentuen bildumarik ugariena erakutsiko da: 1.100 testu-dokumentu, 222 argazki, 23 film eta 17 audio. Argazkian, Atutxa jarduera-egitaraua aurkezten / © Sabino Arana Fundazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!