Eskualdea zeharkatuko du Palestinari buruzko "To shoot an Elephant" dokumentalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 24a, 20:51

Palestinan hirugarren Intifadarako deia luzatu dutela, datozen egun eta asteotan Palestinari buruzko "To shoot an Elephant" dokumentala ikusteko aukera izango da Uribe Kostako hainbat herritan. Filmean, Israelgo Armadak 2008ko abendua eta 2009ko urtarrila bitartean Gazako Zerrendan eginiko sarraskia kontatu dute Alberto Arce eta Mohammad Rujailah zuzendariek, anbulantzia palestinarretatik ikusitakoaren bitartez. Hurrengo emanaldia Larrabasterrako Plaza Beltza herri liburutegian izango da, ostiralean, arratsaldeko 7etan. Jatorrizko bertsioa euskarazko azpidatziekin zabalduko dute. Argazkian, Israelek 2007an Gazako pasabide guztiak itxi zuenetik, kartzela erraldoia da Zerrenda / cc-by-sa Alberto Arce eta Mohammad Rujailah.

Gazako erasoan milatik gora hildako eta bost mila zauritu baino gehiago eragin zituen Israelgo Armadak. Ofizialki, "Hamasen ahalmen militarra deuseztatzea" zuen helburu Berun Urtua operazioak, gune zibilen, ospitaleen, zerbitzu medikoen eta oinarrizko azpiegituren bonbardaketa etengabekoan oinarritu bazen ere. "To shoot an Elephant" film dokumentalak (113') egun horietan gertatutako zati txiki bat kontatzen du. Baina, Arceren eta Rujailahen lana ez zen kasualitatea izan, Gazan ilegalki sartu eta lekukotasuna emateko erabaki kontzientea baizik. Filma Eguzki Bideoek banatzen dute eta arabieraz eta ingelesez bada ere, hainbat hizkuntzatan ikus daiteke, azpitituluz, tartean euskaraz.

Pasa den urtarrilaren 18an, filmaren lantaldeak Gazaren aldeko emanaldi-ekintza bateratua deitu zuen mundu mailan. Guztira, 220 emanaldi baino gehiago izango ziren egun horretan, haietatik %25 bat Euskal Herrian. Eskualdean, baina, Leioako Udondo gaztetxean baino ez zen zabaldu. Hori dela eta, UKBERRI.NETek hainbat elkarterekin jarri zen harremanetan kazetaritza lan independente eta aparta hori ahalik eta leku gehienetan zabaltzeko. Blogari euskaldunek bideoa euskaratzeko egindako auzolana ere saritu nahi izan zuten horrela. Besteak beste, Ariku kultur elkartea, Plaza Beltza kultur elkartea, Itzubaltzeta gaztetxea eta Germatxin gazte kultur elkarteak hartuko dute parte ekimenean.

Datozen emanaldiak:

• Otsailak 26, ostirala, Larrabasterrako Plaza Beltza herri liburutegian, 19:00etan.
• Otsailak 28, igandea, Itzubaltzeta / Romoko Itzubaltzeta gaztetxean, 19:00etan.
• Martxoak 4, osteguna, Algortako Aldai patronatuan, 19:00etan.
• Martxoak 5, ostirala, Berangon, lekua eta ordua baieztatzeke.
• Martxoak 9, asteartea, Plentziako Goñi Portal kultur etxean, 19:00etan.

To shoot an Elephant, euskarazko azpitituluekin



cc-by-sa Alberto Arce eta Mohammad Rujailah
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun