Gaur iluntzean 235 lagun inguruk egin dute manifestazioa Algortako kaleetan zehar, Enrique Noya "Kini" eta Urko Izagirre "Bosnio" herrikideen atxiloketak salatzeko. Goizez zein arratsaldez medikuarekin egoteko aukera izan dute bi algortarrek, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak etxekoen ahotik jakinarazi duenez. "Oso urduri zeuden eta botika ere eman diote Urkori", azaldu dutenez. Izan ere, atxilotu aurretik sendagairen bat hartzen zebilen Izagirre eta medikua agertu denean eskatu egin dio. Abokatuak eskatuta, Algortako bi lagunei tortura ekiditeko protokoloa deritzona ezartzea onartu du Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Halere, hori "tortura saihesteko nahikoa ez" dela
ohartarazi du AAMk. Ostiralera bitartean, egunero izango dira mobilizazioak Algortan, 20:00etan, Telletxen, "inkomunikazioak tortura bermatzen duelako". Argazkian, gaurko manifestazioa Algortan.