Egun Bilboko Arangoiti auzoan dagoen
Irakasleen Unibertsitate Eskola hartuko duen egoitza berriaren "lehen harria" jarri dute gaur Leioa eta Erandioko campusean. Halere, hasi dira jada lur azpiko aparkalekua egiteko zuloa egiten eta bi eraikinen zimenduak jartzen. Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Carmelo Garitaonandia Bizkaiko campuseko errektoreordea eta Jesus Bilbao Leioako alkateordeaz gain, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Isabek Celaa Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak ere parte hartu dute goizeko ekitaldian. Izan ere, irakasleen eskola berria altxatzeko gastatuko dituzten 24 milioi euroak EHUk eta Aldundiak jarriko dituzte, bi erakundeen arteko hitzarmenari esker. Horren bitartez, Leioako campuseko Irakasleen Unibertsitate Eskolan zein, San Mamesen, Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola egiteko, 65 milioi eurotatik 47 jarriko ditu foru erakundeak. Bitartean, Jaurlaritzak ordainduko ditu 363 ibilgailurentzako lur-azpiko aparkalekua egiteko 3,6 milioi euroak. Obrak 2011ko ekainerako amaitzea espero dute, eskola 2011-2012 ikasturterako funtzionatzen egon ahal izateko. Irudian, argazkirako zutitu egin den arren, denbora batez gurpildun aulkian ibili beharko du Celaak, pelbiseko ebakuntza baten ondorioz.