Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatu dute Celaaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 25a, 19:03

"Inposatzaileak. Hezkuntza Sistema Nazionala" irakur zitekeen pankarta atzean, 30 bat ikaslek egin dute protesta, gaur goizean, Leioa eta Erandioko campusean. Irakasleen Unibertsitate Eskola hartuko duen egoitza berriaren "lehen harria" jartzeko ekitaldia egiten ari zirela, Arte Ederren Fakultatearen aurrean dagoen partzela ingurura gerturatu dira neska-mutilak. Halere, agudo inguratu zaizkie hamar bat segurtasun guardia, bidea moztuz. Politikarien bizkartzain gorbatadunak ere ez zeuden urrun. Ekitaldia iraun artean, ikasleak uneoro egon dira zainduta. Dena den, hori ez da oztopo izan, xaflaz hesitutako eremuan jarritako karpatxoan zeuden unibertsitate zein instituzioetako arduradunei euren aldarriak helarazteko. Hezkuntza Sistema Nazionala aldarrikatu eta Bologna prozesua gaitzestearekin batera, Iñaki Goirizelaia errektorea "ikasleon etsaitzat" jo eta Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari "inposatzaile" deitu diote. Zaindarien presentzia ere ez dute begi onez hartu ikasleek: "Indar polizialak campusetik kanpora" eta "Alde hemendik, utzi bakean!" bota diete horiei. Argazkian, ikasleak segurtasun guardiez inguratuta. Irudi gehiago ikusteko, sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun