Hego Euskal Herriko unibertsitateetan egindako deialdiari erantzunez, 150 bat ikasle, irakasle eta langile bildu dira, gaur eguerdian, Leioa eta Erandioko campusean, "Euskaldunon Egunkaria"-ren aurkako sumarioetan epaitutako eta auziperatutako lagunei elkartasuna adierazteko asmoz. Xabier Oleaga erandioztarra, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdairi absoluzioa ematea exijitu dute horrela, "Egunkaria libre!" pankarta atzean. Ildo berean, Eusko Legebiltzarrak adierazpena onartu du gaur arratsaldean, Egunkaria auziko bost auzipetuak absolbitzeko ere eskatzen duena,
Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Aralarrek eta PSE-EEk adostutako mozioa babestu dute alderdi horietako parlamentariek, eta EAJkoek eta EBkoak. Ordea, Eusko Alkartasunak ez du parte hartu bozketan, agiria motz geratu delakoan. UPDk eta PPk aurka bozkatu dute. Absoluzioa eskatzeaz gain, auzipetuen lan egoeraz eta egoera sozialaz kezka agertu du Legebiltzarrak. Argazkian, gaurko elkarretaratzea Leioako campusean.