GALek eraildako Eugenio Gutierrez “Tigre” omendu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 25a, 20:14

GALek erail zuen Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” zenari omenaldia egin diote gaur Leioako hilerrian 20 bat auzokidek. Ekitaldian, “Tigre”-ren hilobian lore sorta jarri eta “Eusko gudariak” abestu dute. Izan ere, gaur 26 urte bete dira tiro batez Zuberoako Idauze-Mendi herrian errefuxiatu leioaztarra hil zutenetik. Atentatua GALek bere gain hartu bazuen ere inor ez da auziperatua izan Gutierrezen heriotzagatik. Gutierrez gogoan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "estatu terrorismoa" erabiltzea eta lagundu izana leporatu die, hurrenez hurren, PSOE eta EAJri. Era berean, Gutierrezekin eta GALekin gerra zikina ez zela bukatu nabarmendu dute. Ildo horretan, Sarkozy zein Zapaterori galdetu diete apirilaren 18tik desagertuta dagoen Jon Anzarekin zer egin duten. Gaurko deialdia ahoz-aho egin du Leioako AAMk, pasa den urtean Espainiako Auzitegi Nazionaleko 5. Instrukzio Epaitegiko Eloy Velasco magistratuak beste omenaldi bat debekatu eta eragotzi zuela. Gaurko argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:

Hemen bildu garen leioaztarrak, gure herrikidea izan zen Eugenio Gutierrez "Tigre" gogoratu nahi dugu. Gaur, bere erailketaren 26. urteurrenean bera eta berarekin batera Euskal Herriaren alde borrokatu zutenak, orain borrokatzen dabiltzanak zein borrokatuko dutenak gogoratzeko asmoa eta beharra daukagu.

Eugenio Gutierrez Salazar “Tigre” 1984ko otsailaren 25ean hil zuen frankotiratzaile batek, errefuxiatu talde batekin Zuberoako Idauze-Mendi udalerriko baserri batean zegoelarik. Euskara ikasketen atsedenaldian, baserriaren atarira irten zenean, buruan tiro bat jaso zuen eta bertan hil zuten.

29 urte zituen leioaztar gaztea, beste Euskal Herritarrekin batera “GALen ekintza terroristen” biktimatzat hartua izan zen, nahiz eta bere erailketagatik gaur egunera arte inor akusatua ez izan. Aste honetan bete dira 26 urte “Tigre” erail zutela. Orduan gobernu espainolean zegoen PSOEk sortutako GAL taldeak bereganatu zuen erailketa, eta hau, zoritxarrez ez zen bakarra izan. PSOEren Gobernuak GALen bidez, estatu terrorismoa burutu zuen, guztira 23 pertsona hil eta 60 baino gehiago zauritu zituelarik. Estatu terrorismoaren aldeko hautua egin zuen PSOEren Gobernuak, eta bertan zuzenean parte hartu zuten, gaur oraindik orain, alderdian ardura handiak dituzten politikariek. Ezin dugu ahaztu PNVk garai hartan GALen jardueraren aurrean izandako jarrera hipokrita zein izan zen, inolako arazorik gabe, PSOErekin eskuz-esku elkarlanean aritu baitzen, GALek euskal herritarrak hiltzen ari zen momentuan. PSOEren Gobernua izan zen GAL sortu eta bultzatu zuena, PNVren konplizitatearekin, eta 26 urte geroago, PSOE gobernuan egonda, guda zikina amaitu ez dela konturatu gara. Pasa den urteko apirilaren 18tik, Jon Anza desagerturik dago. 10 hilabete pasatu dira "Non da Jon?" galderari erantzun bat inork eman gabe. Hemendik Sarkozy zein Zapaterori luzatu nahi diegu galdera hori, "Non da Jon? Zer egin duzue Jonekin?". Azken ikerketak esaten digute, Espainiako segurtasun indarrek, desagertze honen atzean daudela, GALen garaietan zegoen zigorgabetasun berdinarekin ibiltzen direla, eta jakin badakigu zigorgabetasun hori espainiar zein frantziar estatuak ematen dutela.

26 urte geroago, PSOEren Gobernuak Euskal Herriaren aurkako gerra estrategiarekin bete betean jarraitzean duela agerikoa da. Guda zikina, atxiloketak, torturak bermatzen dituen inkomunikazioak, ilegalizazioak, espetxe politika ankerra, eta erabateko jazarpena erabiltzen ditu herri honetako sektore handi baten aurka, Euskal Herriaren independentziaren aurka aritzeko helburuarekin. Eta Herri honetan eman beharreko prozesu demokratikoa, benetan demokratikoa izateko, honelako errepresio mota guztien desagerpena beharrezkoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun