Aurretik iragarri bezala, gaur arratsaldean eraman dituzte
Fernando Andreu Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrera, astearte goizaldean atxilotutako Enrique Noya "Kini" eta Urko Izagirre "Bosnio" algortarrak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez, Izagirre baldintzarik gabe espetxeratzea agindu du magistratuak eta Soto del Realen sartu dute. Bitartean, Noya libre uztea erabaki du Andreuk eta epailearen aurrean joan beharko da sinatzera hamabostero. AAMk aipatu duenez, bi atxilotuek akusazio guztiak ukatu dituzte epailearen aurrean. "Urkok tratu txarrak jasan dituela esan dio epaileari, bereziki lehen egunean postura fortzatuetan egotera behartu zutela, burua kaputxa batekin estalita eduki diotela, kolpeak eman dizkiotela eta mehatxu eta presioak jasan dituela. Besteak jasandako tratuaren berri ez dugu oraindik", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Argazkian, atzo iluntzean 235 lagun inguruk egin zuten manifestazioa Algortan.