Uribe Kostako AAMk zabaldutako oharra:
Enrique Noya “Kini” eta Urko Izagirre “Bosnio” algortarrek tratu txarrak eta torturak jasan dituztela salatu dute
Torturaren Aurkako Protokoloa aplikatu zaiela esan arren, Urko Izagirrek, etxekoekin hitz egin ahal izan duen une batean, tratu txarrak eta torturak egin dizkiotela esan die: kolpeak, kaputxa jarrita, mehatxuak, ariketak fisiko etengabeak, esku-burdinak estututa… Urkok ez du deklaraziorik egin poliziaren etxean, eta epailearen aurrean egin dizkioten akusazio guztiak ukatu egin ditu. Egia esateko, etxekoei azaldu dienez, ez zekien zertaz akusatu duten ere, poliziaren etxean mila kontu leporatu nahi izan bide diotelako. Hala ere, epaileak espetxera bidali du, dirudienez horrelako atxiloketaren ostean behartuta zeudelako, eta lagunak eta lankideak ETAkoak izanik, susmo hutsetan oinarrituta.
Enrique Noyaren kasuan ere tratu txarrak eta torturak jasan dituela komentatu du epaitegitik kalera irten denean. Protokoloa aplikatuta ere, bereziki Madrilerako bidean auto barruan ederki kolpatu eta jipoitu zuten, ziegan egun eta gau guztietan argia piztuta izan du, ariketa fisikoak egitera behartu dute, mehatxu etengabeak jasan ditu… Fiskalak berak eskatu du Kini libre uztea, eta hala ere, Espainiako lurraldetik irtetea debekatu dio eta hamabostean behin epaitegian sinatu beharra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.
Inkomunikazioa = Tortura
Sarritan aipatu du, horrela gertatzen delako: protokoloa aplikatzeak ez du esan nahi atxilotua torturatuko ez dutenik. Horretarako, borondate politikoa behar da. Eta lehen urrats bezala, atxilotuen inkomunikazioa bertan behera utzi behar da.
Rubalcaba, komunikabideak
Rubalcaba ministroak eta hainbat komunikabidek Urko Izagirre eta Enrique Noya ETAko kideak direla esan dute egunotan.