Zikloiaren sakontasunean eta ibilbidean eman daitezkeen aldaketa arinek iragarpenak eta fenomenoaren eragina asko aldatu ditzakete; hortaz, gomendagarria da egoeraren berri izatea, Euskalmetek datozen egunotan igorriko dituen iragarpenen bidez. Herrizaingo Saila larrialdi zerbitzuak koordinatzeko eta indartzeko lehen neurriak hartu ditu dagoeneko. Datozen orduotan, Euskadiko Babes Zibilaren Plana abiatuko du, egoerari dauden baliabide guztiekin aurre egiteko. Gaur, ostirala, Krisi Mahaia bildu da. Bertan, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak, Udal batzuk eta Espainiako Gobernuak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan duen Ordezkaritza egongo dira ordezkatuta. Gainera, koordinazio organo hori gainerako udalekin eta oinarrizko zerbitzu publikoko enpresekin harremanetan egongo da. Atzo, SOS-Deiak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez, Herrizaingo Sailak beharrezko abisu guztiak helarazi zizkien erkidegoan babes zibileko edo zerbitzu publikoko funtzioak dituzten instituzio edo enpresei, beharrezko prebentzio neurriak har ditzaten.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko eta Babes Zibileko Zuzendaritzak honako aholkuak helarazi nahi dizkie herritarrei, haize bolada gogorren eraginak prebenitzeko eta txikiagotzeko.
Prebentzio neurri gisa:
- Itxi eta ziurtatu ateak, leihoak eta oholak.
- Kendu loreontziak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak.
- Egiaztatu aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak
Estalperik gabeko toki batean egonez gero:
- Aldendu erlaitzetatik, murruetatik, zuhaitzetatik edota publizitate-hesietatik, eta arretaz ibili obratan edo egoera txarrean dauden eraikinen aurretik pasatzerakoan.
Bidaiatuz gero:
- Saihestu errepide bidezko joan-etorriak eta, nolanahi ere, arreta handiz jokatu.
- Informatu jomugan eta igarobideetan dagoen eguraldiaren egoerari buruz.
Itsasaldean egonez gero:
- Urrundu hondartzatik eta baita haize gogorren ondorioz sor litezkeen mareen eta olatuen eragina jasaten duten tokietatik ere.
- Saihestu ontzien erabilera eta amarrak aztertu. Ez ur kirolik egin, inola ere ez.
Istripurik izatekotan, deitu 112ra