Algortako Bertsolari Eskolak (ALBE) antolatuta, larunbat honetan, otsailak 27, bederatzigarren urtez egongo da jokoan Abra Saria. Aurrekoetan bezala, Euskal Herri osotik etorritako sei bertsolari gazte arituko dira norgehiagokan, aurtengo txapela lortzeko. Saioa 19:00etan abiatuko dute, Algortako kultur etxean, Villamonten. Bertsolari belaunaldi berriei bultzada ematea du helburu lehiaketak. Hala ere, "aurten parte hartuko duten bertsolariek, eskarmentu handia daukate herrialdeetako eta Euskal Herriko eskolartekoetan, eta ziur gaude, zeresana emango dutela gerora", ALBEko lagunek nabarmendu dutenez. Jone Uria Albizuri algortarra izango da Uribe Kosta eskualdeko ordezkaria eta iaz Maddalen Arzallus Antia bertsolari lapurtarrak eramandako txapela berreskuratzea izango da bere lana. Horretarako, Peio Ormazabal (Arrigorriaga), Amaia Iturriotz (Urretxu), Saioa Alkaiza (Antsoain), Ekaitz Samaniego (Gasteiz) eta Ane Labakarekin (Lasarte) jokatu beharko du Uriak. Argazkian, Maddalen Arzallus iazko txapela jantzita.