Apirilaren 12 eta 13an epaituko dituzte Amets Ladislao, Ibai Egurrola, Javier Gutierrez, Marimertxe Alcocer eta Maribel Prieto, Espainiako Auzitegi Nazionalean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. Fiskalak 7 urteko espetxe zigorra
eskatzen du lehenengoarentzat eta 5 urtekoa gainontzeko uribekostarrentzat. Guztiei ETAri laguntza ematea leporatzen die. Amets Ladislao eta Ibai Egurrola algortarrak
2008ko abenduaren 8an atxilotu zituen Irunen Guardia Zibilak, Algortakoa ere den Aitor Artetxe ustezko ETAko kideari ihes egiten lagundu izana egotzita. Beraiekin batera, Jabier Gutierrez "Guti" leioaztarra ere hartu zuten atxilo. Operazio horretan Guardia Zibilak
bi egun geroago atxilotutako Marimertxe Alcocer algortarrak eta Maribel Prieto berangoztarrak bezalaxe, "bortizki torturatuak" izan zirela salatu zuten hirurek. Egun, guztiak kalean daude, 18.000 euroko fidantza ordainduta. Argazkian, 2008ko abenduaren 28an, ehunaka lagun, 500 bat antolatzaileen arabera, batu zen eguerdian Algortan, atxilotuek jasandako "tortura basatiak" salatzeko.