Martxoaren 10ean, asteazkena, Emakumeon Mundu Martxari egingo diote harrera eskualdean. Bizkaiko Zubitik sartuko da Uribe Kostan, 17:00ak aldera, Ezkerraldeari lekukoa hartuta, Getxoko Bilgune Feministak zehaztu duenez. 17:15ean, auto-karabanan abiatuko dira Erandiorantza; eta ordu laurden beranduago, Altzagan, metro geltoki ondoko plazan izango da ekitaldia. Ordura arte egindako horma-irudiak erakutsi eta, Kongori elkartasuna adierazteko asmoz, eskualdean egindako testigantzaren irakurketa egingo dute bertan. Izan ere, urriaren 17an, munduko emakumeak Kongoko Sud Kivu probintziara joango dira, gatazkan bizi diren emakume guztiei elkartasuna adierazteko asmoz. Amaitzeko, aipatu asteazken horretan, 18:00etan egingo diote agurra Emakumeon Mundu Martxari. Auto-karabanak gidatuko du lekukoaren furgoneta Bilboraino.