Atzo iluntzean 250 bat lagun batu ziren Algortako Telletxe plazan, euskal preso politikoak Euskal Herrira ekar ditzatela aldarrikatzeko. Hala ere, atzokoa ez zen azken ostiraleko ohiko elkarretaratzea. Astearte goizaldean Espainiako Polizia Nazionalak atxilotu eta ostegunean Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak libre utzitako Enrique Noya "Kini" herrikideari harrera egin zioten (
bertsoak entzun / mp3). Polizien eskuetan bizi izandako
trantze latza nabaria zen oraindik bere aurpegian. Ez zen ekitaldi samurra suertatu. Izan ere, aste betean Madrilerako bidaia eginarazitako hiru algortarretatik Noya baino ez da bueltatu etxera: Jon Rosales eta Urko Izagirre espetxeratu dituzte. Gaur bertan
zabaldu du "Berria" egunkariak azken polizia operazioan atxilotutako lau lagunen tortura salaketak aintzat hartu eta inkomunikazio aldian atxilotuek jasandako tratua ikertzeko eskatu du Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak. Besteak beste,
Jon Rosales eta joan den astean berarekin atxilotu zuten Adur Aristegi elorriarraren salaketak dira epaileak aintzat hartu dituenak. Aste honetan atxilotutako Urko Izagirrek eta Erique Noyak ere salatu zituzten torturak, protokoloa ezarri zitzaien arren. Argazkian, ekitaldia amaitutakoan manifestazioa egin zuten Algortako kaleetan zehar.