Babes Zibilaren Plana eta larrialdi zerbitzuek hartutako neurri bereziak mantendu egingo ditu Herrizaingo Sailak. Hortaz, Ertzaintzaren agente, suhiltzaile eta Osakidetzako kide kopurua areagotu egin da, baita SOS Deien eta bestelako larrialdi zerbitzuen (DYA, Gurutze Gorria eta Babes Zibileko boluntario taldeak) laguntza ere, besteak beste. Iberdrola enpresak bere aldetik, mantenu talde gehiago jarri ditu lanean argindarraren funtzionamendu egokia ziurtatzeko. Krisi Mahaiak 16:00etan hasiko du bilera eta eskualde bakoitzeko egoera hurbilagotik kontrolpean izango duen Mahai Tekniko bana ere sortuko dute.
Etxean egoteko gomendioa
Herrizaingo Sailak, norbere babeserako neurriak areagotzeko eta denboraleak irauten duen bitartean etxean edo toki itxi batean egoteko eskatzen die hiritarrei eta baita, ateak, leihoak eta oholak itxi eta ziurtatzeko; loreontziak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kaletik kentzeko eta azkenik, mendira, itsasora edo errepidera irteerarik ez egiteko. Horrez gain, esan behar da, arratsaldeko hiruretatik aurrera, kanpoan jokatu beharreko kirol federatuko ekitaldiak eta eskola mailako era guztietako kirol partidak 24 orduz bertan behera utziko direla eta ez direla ospatuko baita, tarte horretan egitekoak ziren azoka eta feriak. Trafiko Zuzendaritzak, 7.500 kilo baino gehiagoko BGM duten kamioiei 24 ordu horietan zehar errepideetara irtetea debekatu die.