Barakaldoko gazte bat atxilotu dute indarkeriaz lapurtzea egotzita Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko ots. 27a, 17:16

Getxoko Udaltzaingoak Barakaldoko 22 urteko gazte bat atxilotu zuen herenegun, indarkeriaz egindako lapurreta baten egilea delakoan. Ostegunean, eguerdiko 12:30ean jasotako dei baten bidez, Itzubaltzeta / Romoko Kresaltxu kalean liskar bat zegoela jakinarazi zieten tokiko poliziei. Udaltzainak, toki horretara bertaratu ondoren, borrokan parte hartu zuten bi lagun eta, inguruan, herritar batzuk aurkitu zituzten. Horietariko batek esan zuen gutunak banatzen ari zela, Zubiak kaleko atari batean sartu eta hiru pertsonek erasotu eta dirua eta agiriak zituen diru-zorroa kendu ziotela, polizia iturriek azaldu dutenez. Lapurtu ondoren, lurrera bota ei zuten eta, une batez zorabiatuta egon ondoren, erasotzaileen atzetik korrika atera zen, horietariko bat Kresaltxu kalean harrapatuz. Diru-zorroarekin geratzeagatik borrokatu ostean, erasotzaileetako batek lurrera bota zuen kartera, beste biek ihes egiten zuten bitartean. Lekuko batzuek erasotutakoaren testigantza egiaztatu zutenez lapurretaren ustezko egilea atxilotu zuten. Orain beste bi erasotzaileen bila dabil polizia eta polizi aurrekari ugari dituen atxilotutako gaztea epailearen esku geratu da. Argazkian, Getxoko udaltzain bat.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun