Getxoko ertzain-etxeko agenteek bost gazte atxilotu zituzten atzo (ostirala) arratsaldean, bi lapurreten ustezko egileak direlakoan, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Gorlizeko enpresa batean eta Barrikako eraikuntza batean lapurtu izana leporatzen diete. Goizaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Gorlizeko enpresa batean egindako lapurreta baten berri izan zuen Ertzaintzak; Peugeot 106 auto batean ihes egin omen zuten lapurrek. Datu horiek kontuan hartuta hasi ziren lapurren bila, eskualde osoan zehar. Goizaldeko bostak izateko minutu eskas falta zirenean, patruila batek BI-637 errepidean (Artatzako bidegurutzean) geldiarazi zuen susmagarrien autoa. Barruan bost gazte zihoazen eta agenteek, lapurtuak izan zitezkeen sakeleko telefono bi hartu zizkieten; eta maletategian, ordenagailu eramangarri bat, erremintaz betetako hiru maleta eta argazki kamera bat antzeman zituzten, polizia iturriek diotenez. Ondorioz, bost susmagarriak atxilotu eta Getxoko komisariara eraman zituzten.