Ezker abertzaleak zabaldutako oharra:
Ezker abertzalea azken tortura salaketa larrien aurrean
Ezker Abertzaleak irmoki salatu nahi ditu azken asteotan buruturiko euskal herritarren atxiloketa andana eta espainiar gobernuaren aginduetara dauden indar polizial ezberdinen egoitzetan eman diren tortura kasu larriak.
Gogorarazi behar dugu atxilotuetako bost ospitale ezberdinetan artatuak izan direla eta Jose Camacho hernaniarrak hainbat egun eman dituela ingresaturik, aurreko astean Guardia Zibilaren eskuetan jasandako tortura latzen ondorioz.
Egoera bereziki larria da testuinguru politikoa ezker abertzaleak Zutik Euskal Herria ebazpenean jasoriko iniziatibarengatik baldintzaturik dagoelako. Prozesu Demokratikoa lehenbailehen errealitate bihur dadin bere jarduera guztia indar metaketaren eta herri aktibazioaren mesedetan jartzeko konpromiso berretsi du ezker abertzaleak. Era berean, Altsasun esan genuen moduan eta Zutik Euskal Herria-rekin berretsi dugun moduan, soilik bide politiko eta demokratikoen erabileran eta Mitchell senatariaren Printzipioetan oinarrituriko Prozesu Demokratiko batekiko konpromisoa hartu du ezker abertzaleak. Honakoa ezker abertzalearen alde bakarreko erabakia da.
Baina, eta agerikoa da hau, ezinezkoa da Euskal Herrian konfrontazioa termino politiko hutsetan emango den eszenatoki demokratikori berri bat sortzea ezker abertzaleak soilik urratsak emanda. Eragile guztiei dei egiten diegu, eta bereziki Estatu espainolari, arduraz jokatzeko eta eszenatoki aldaketa bermatuko duten urratsak ematera.
Zentzu honetan, azken asteotan hainbat eragile politikok eta komunikabidek izan duten jarrera salatu nahi dugu: ezker abertzalearen apustua distortsionatu nahi izan da eta balioa kendu nahi izan zaio balizko ETAren ekintza armatu baten aurrean ezker abertzalearen jarreraren inguruko diskurtso sinplista eta maskaldua erabiliaz. Indarkeri ekintza bakarrak ordea espainiar indar polizialen eskutik etorri dira, hamarnaka euskal herritar atxilotu eta bortizki torturatuaz.
Ezker abertzalea hainbeste kritikatzen duten eragile politiko eta komunikabideek ez al dute ezer esatekorik tortura kasuen aurrean? Sinestezinak diren bertsio polizialak ontzat ematen jarraituko al dute? Edo ezker abertzaleak egin duen moduan euskal egoera politikoa errotik alda dadin apustu zintzoa egingo dute?
Azkenik, azken tortura kasuen salaketa herri guztietara eramango du ezker abertzaleak, euskal udaletxeetan torturaren aurkako eta inkomunikazio erregimena bertan behera uztea eskatzen dute mozioak aurkeztuz.