Atzo iluntzean 60 bat lagun bildu ziren Sopelako udaletxe aurrean, hileko azken ostiraleko elkarretaratzean parte hartzeko,
Sopela.net agerkari digitalak jakinarazi duenez. Bertan, bildutakoek azken aste hauetan egon diren atxiloketak salatu zituzten. Atxilotuak inkomunikatuta egon dira eta epailetik pasa ostean tortura gogorren salaketak egin dituzte. Hori dela eta, ostiral honetako mobilizazioan euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapenaz gain, "inkomunikazioa tortura babesteko bitarteko bat baino ez dela" salatu egin zuten. Sopelan ez ezik, Uribe Kosta eskualdeko gainontzeko herrietan eta Erandion ere egin ziren mobilizazioak. Algortan 230 lagunek parte hartu zuten elkarretaratzean eta
Enrique Noya "Kini" herrikideari harrera egin zioten, eguna manifestazio batekin amaitzeko. Berangon 34 lagun izan ziren kontzentrazioan, Itzubaltzeta / Romon 65, Leioan 56, Lemoizen 10, Plentzian 12 eta Urdulizen 13. Argazkian, atzoko elkarretaratzea Sopelan / © Sopela.net.