Joan zen igandean
beste planto bat egin zuen Urtzi Paul gazte algortarrak, Moron de la Fronterako Sevilla II espetxean, euskal preso politikoak dauden isolamenduko modulura eramatea exijitzeko. Baina partea sartu arren, moduluan bertan utzi zuten, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Gauzak horrela, Urtzik bere etxekoei adierazi die bakartuta jarraitzea jasanezina dela, eta jarraituko duela hortik ateratzeko hasitako dinamikan, gainerako euskal preso politikoekin batera jarri arte", gaineratu du errepresioaren kontrako erakundeak. Urtzi Paul iaz jarritako 5 urteko espetxe zigorra betearazteko atxilotu zuen Espainiako Polizia Nazionalak, abenduaren 21ean. Algortarrak eta epaitu zituzten gazte guztiek
salatu zuten "torturen bidez deklarazioak sinatzera behartu" zituela Ertzaintzak. Getxotik Moron de la Fronterara 942 kilometro daude. Argazkian, Urtzi Paul atxilotu zutenean egindako manifestazioa.