Larunbaterako iragarritako ziklogenesi leherkorrak ez zuen horrenbeste kalte ekarri gurera. Egun horretako gertaeren artean, 17:00ak aldera piztu zen sutea Enekuri gainean. Sutearen jatorria ez zuela ezagutzen adierazi zuen hasieran Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak. Baina, hainbat hedabidek esandakoaren arabera, lurjabe batek sastrakak erretzen ari zela sortu eta agudo zabaldu zuen haizeak Erandioko San Pablo mendira eta Fano auzora. Artxanda gasolindegia 100 metrora zegoen. Itzalketa lanak 22:30ak inguru bukatu zituzten Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek. Hamar hektareako larre guneari kalte egin zion suteak. Bestalde, teilatuak altxatu, zabor ontziak bota... eta beste hainbat ezbehar eragin zituen haizeak. Tartean, Itzubaltzeta / Romon hainbat auto zapaldu zituzten zuhaitzetatik eroritako adarrek. Argazkian, 2009ko urtarrilaren 24ko haizetean, Itzubaltzetan eroritako zuhaitz-adarrak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!