Imanol Landa alkateak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez, Urkijo kaleko lanok helburu bikoitza dute: "batetik, EHUko adituek merkataritzaren sektorea indartzeko egindako udal planaren gomendioei jarraiki, Andres Larrazabal-Paulino Mendibil-Urkijoko oinezkoentzako gunean merkataritza ibilbideak osatu nahi dira. Eta bestetik, udalerriko beste leku batzuetan egin den legez, herritarrentzat eta auzotarrentzat aisialdirako eta elkartzeko toki gehiago egokitu nahi dira “.
Lanak amaitutakoan bi gune desberdinduko dira aipatu kale tartean. Bata, Andres Larrazabal eta Iturrigorri artekoa izango da: gorri eta gris koloreko zoladura edukiko du eta bertatik bakarrik oinezkoak ibiltzeko izango da. Horregatik, aparkalekuak, espaloi estuak eta ibilgailuen bide bakarra kendu egin dira, nahiz eta garajeetako sarrera-irteerak egin ahal izango diren. Kale erdian 12 argi berri, Itzubaltzeta / Romoko Aurrezki Kutxa kalean ipini diren antzeko led argiak jarriko dituzte, baita eserlekuak ere; "guztiari abangoardiako diseinua emanez". Era berean, kale tarte horretan dauden tabernek kanpoan terrazak ipintzeko aukera izango dute. Horrela, Landaren esanetan, “Areetako erdiko merkataritza esparrua zabaldu egingo dugu, nolabait. Horretaz gain, Romon ere antzeko lanak egiten ari gara, Aurrezki Kutxa eta Gobelondo kaleak oinezkoentzat bihurtuz; baita Algortan ere, San Nikolas plazako inguruetan herri esparruak hobetuz. Eta Getxon, Malakate parkea handituz”.