Dagoeneko Saharan dago Jone Fernandez Agirregoitia. Bost aste egingo ditu bertan. Botika mordoa eramateaz gain, kontsultategiaz arduratu eta lurraldeko ospitalean emango du laguntza gazteak. "Adinekoen etxearen erabiltzaileen historia klinikoa egitea izango da bete lanetako bat", aipatu du alkateak. 2008an hasi ziren egitasmora laguntza bideratzen. Urte horretan, 15.000 euro jarri zituen Berangoko Udalak, zentroaren eraikuntzaren lehen faserako. Hurrengo ekitaldian, 2009an, 20.000 euro eman zituen, tokiko erakudeak, "hormigoiz egindako eraikin egonkorra" sortzeko. "Errefuxiatuen kanpamenduetan ohikoa ez dena", alkateak azpimarratu duenez. Aurten, 5.000 euro zuzenduko dituzte zentroa hornitzeko. Apirilean aurreikusita dago martxan jartzea. Bere funtzionamendurako, 2010ean, 12.000 euro emango ditu udal bizkaitarrak.
Zazpi lanpostu
Gazteen bilgune izateko helburua daukan zentro soziala ere izango du Bucraan egiten lagundu duten ekipamenduak. Sahararrek eurek Berangoko arduradun politikoei iradokitutako lehentasunetako bat da adinekoen etxea, udal iturriek zehaztu dutenez. Errefuxiatuen kanpamentuen egoera aldatu egin da eta asko dira jada gune horietatik kanpo lan egiten duten gazteak, batez ere trebakuntza daukatenak. Adineko pertsonak euren senideak etxera bueltatu arte, egun osoan, bakarrik geratzea eragin du horrek.
Tokiko agintariek "diru-funtsen erabilera egokia" bermatu nahi dute eta Bucraan enplegu sorkuntza sustatu. "Oso garrantzitsua da zuzentzen dugun diruak berton eguneroko bizitza errazago egiteko balio dezala. Horregatik, adinekoen etxeak zazpi lanpostu sortzea ahalbidetuko du, tokian-tokian. Zuzendariaz gain, osasun arduraduna, sukalde eta garbiketarako 3 emakume eta, egunez zein gauez, lokalak zainduko dituzten jagole bi izango dira", amaitu du Landak.