Trebakuntza prozesu osoa 4 ziklotan egituratzen da, eta elkarren segidako 4 urtetan garatzen da. Lehenengo urtean, amaierako ebaluazioa positiboa bada, enpresek kalitatearekin konpromisoaren bereizgarria jasotzen dute. Ondorengo hiru urtetan trebakuntzarekin eta ebaluazioarekin jarraituko dute, bereizgarria berriro lortzeko, apurka-apurka exijentzia maila gehituz. Aldi horretan, enpresek trebakuntza saioak, sustatzeko laguntza teknikoa eta ebaluazioa egiteko bisitak izango dituzte.
Horrekin batera, lehenengo zikloaren amaieran, Turismoko Kalitate Mahaia sortu eta martxan jarriko da: elkarlanerako topagune publiko-pribatua izango da, non ekimenak sortu, proposamenak egin, problematikak azaldu eta horiei guztiei soluzioak bilatzen saiatuko den. Gutxienez, urtean bitan bilduko da eta Turismo zinegotziak, udal teknikariek, tokiko erakundeko beste hainbat langilek (gaiak tratatzeko beharrezkoa denean), azpisektore turistikoen ordezkariek (ostalaritza, sukaldaritza, tabernak eta kafetegiak, baliabide turistikoak, turismo aktiboa eta beste batzuk) eta gainontzeko erakundetako ordezkariek (Basquetour, Euskalit, Bizkaiko Foru Aldundia…) osatuko dute.
SICTED
Turismoko Kalitatearen Sistema Integrala (SICTED) Basquetourrek, Eusko Jaurlaritzako Turismoaren Euskal Agentziak, eta Bikaintasunerako Euskal Fundazioak, Euskalitek, zuzentzen dute. Sistema horren tresna nagusiak dira Jardunbide Egokien Eskuliburuak: kudeaketa eta zerbitzuen estandarrak biltzen dituzten dokumentuak, enpresen eta zerbitzu turistikoen kudeatzaileei apurka-apurka kalitatearen esparruan sartzen errazten dizkietenak. Halaber, jokaera gida ematen zaie, ondoren, ziurtagiri sisteman sartu ahal izateko, esaterako Q turistikoa. Gaur egun SICTEDek 27 eskuliburu ditu beste hainbeste azpisektoreentzat.