Emakumezkoen neguko surf txapelketa egingo dute Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 2a, 19:02

Sopelako Arrietara hondartzak Open Uribe Kosta surf txapelketa hartuko du martxoaren 6 eta 7an. Gure kostaldean, neguko denboraldian jokatzen den emakumezkoen lehenengo lehiaketa da, bakarra gainera, antolatzaileek zehaztu dutenez. Senior eta junior kategoriatako surflari guztiei dago zabalik. Uribe Kostako Mankomunitateak antolatu du martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Txapelketaren helburua da, emakumezkoen partaidetza sustatzea kirol jarduera desberdinetan, hala nola, federatutako txapelketetan, azaldu dutenez. Horregatik, emakumezkoen surf irekiaz gain, Uribe Kostako Mankomunitateak hainbat kirol proba jarriko ditu abian emakumeei zuzenduta, martxoaren 7an, igandearekin. Jai handi batekin bukatuko dute jardunaldia, 14:00etan, Arrietara hondartzan. Argazkian, hainbat neskato orain bi urte, Mankomunitateak antolatutako lehenengo Kirol Anitzeko Lehiaketaren oroigarria hartzen.

Martxoaren 7an, bi martxa abiatuko dira, bat bizikletaz eta bestea oinez (ibilaldi neurtua), Berango eta Gorlizetik, hurrenez hurren. Bizikleta martxa goizeko 10:30ean hasiko da, Berangoko Eroski supermerkatuko aparkalekutik, Berangoko Txirrindulari Elkarteak, Ugeragak eta Urdulizko Tropela txirrindulari taldeak lagunduta. Uribe Kostako udalerrietan zehar igaroko da 13:00etan bukatu aurretik, Arrietara hondartzan. Aurreikuspenen arabera, ordu berean eta toki horretara iritsiko dira, ibilaldi neurtuan esku hartzen duten pertsonek. Gorlizko Mendizale Elkarteak eta Sopelako Urko zein Plentziako Matrako mendi taldeek emango dute laguntza. Horrenbestez, goizeko 10etan jarriko dira martxan, Gorlizko udaletxetik. Oinezko zein bizikleta ibilaldian izena emateko Mankomunitatera jo beharko da posta elektroniko bidez (berdintasuna[abildua]uribekosta.org) edo 946 579 282 telefono zenbakira deituz.

Piraguismoa

Nahiago dutenek, piraguismo aktibitateetan parte hartzeko aukera dute. Jarduerok larunbat goizerako antolatuta daude, goizez, Barrika eta Plentziako itsasadarrean. Barrika piraguismo elkarteak antolatuta, erakustaldi-lehiaketa saio bat egingo dute, 11:00etatik aurrera. Eta amaitzean, txokolatea eta sariak izango dira parte hartzen dituztenentzat. Izena emateko Barrika Piragua Taldera jo beharko da posta elektroniko bidez (barrikapiraguataldea[abildua]gmail.com) edo 685 739 631 telefono zenbakira deituz.

Surf txapelketako azken itzuliak martxoaren 7an, goizean zehar, jokatuko dira. Halaber, Arrietara hondartzara gerturatzen diren pertsonek, Tai-ji eta eskubaloi erakustaldiez gozatu ahal izango dute, horiek hondartzan bertan egingo baitira. Open Surf Uribe Kostako sari-banaketa 14:00etan egingo da, hareatzan. Kirol jardueretan parte hartzen duten pertsona guztiek dute jai horretara joateko gonbita.

Egitaraua:

Martxoak 6, larunbata

10:00 Uribe Kostako Nesken I. Surf-Opena, Sopelako Arrietara hondartzan.
11:00 Piraguismo erakustaldi-lehiaketa Barrika eta Plentziako itsasadarrean. Amaitzean, txokolatea eta sariak izango dira parte hartzen dituztenentzat.

Martxoak 7, igandea

10:00 Ibilaldi neurtuaren irteera, Gorlizko udaletxeko plazatik.
10:30 Zikloturismo martxaren irteera, Berangoko Eroskitik.

Sopelako Arrietara hondartzan:

10:00 Uribe Kostako Nesken I. Surf-Openaren azken itzuliak.
10:00 Tai-ji erakustaldia.
10:00 Eskubaloi erakustaldia.
13:00 Bizikleta martxa eta ibilaldi neurtuaren partaideak hondartzara iritsiko dira.
14:00 Nesken Open Surf Uribe Kostako sari-banaketa eta jaia
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun