Ostiral honetarako, martxoak 5, afari feminista antolatu du Algortako Emakume Gazteon Asanbladak (AEGA). Hitzordua 21:00etan jarri dute Getxo aldeko Txorimalo gaztetxean. Afari goxoaz aparte (barazkijaleentzat aukera egongo da) antzerkia, bideoak eta musika ere izango dira. Gaineratu dutenez, "aldez aurretik izena ematea eskertuko genuke (horrela afaria moldatzea errazago izango delako geuretzat), baina ez da derrigorrezkoa, momentuan bertan sarrera erosi daiteke eta kito". Martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Egunerako ere eskualde mailako hainbat ekitaldi prestatu dituzte Emakumeon Mundu Martxako Euskal Herriko Plataformak bildutako eragileek. Iluntzeko zortzietan manifestazioan abiatuko dira, Algortako Telletxe plazatik, ondoren Tellagorrin ekitaldia egiteko, Getxoko Bilgune Feministak jakinarazi duenez. Hori bukatuta, "hamaiketakoa (gauekoa)" izango da Aldai kulturgunean, antzinako Itxasgane etxean. Argazkian, iazko martxoaren 8an izandako eskualde manifestazioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!