Ramon Rubiali buruzko erakusketa zabaldu dute Eusko Legebiltzarrean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 2a, 23:21

Ramon Rubial PSOEko buruzagi historiko erandioztarra eta Euskal Kontseilu Orokorraren presidentearen omenezko erakusketa zabaldu dute gaur Gasteizko Legebiltzarrean. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentearen hitzetan, "Euskadi guztion artean eraikitzeko Rubialek hasitako lana bukatu gabe dago, beraz lanean jarraitu behar dugu". Horren alaba Lentxuk, Ramon Rubialen fundazioko presidenteak, ere parte hartu du aurkezpenean. "Ramon Rubial lehendakaria. Euskadiren oroimena" izenburupean, "historia eta euskal gizartearen oroimen kolektiboa berreskuratzeko helburua" du erakusketak, azaldu dutenez. Horretarako, hainbat testu eta argazki berreskuratu dituzte. Argazkian, Ramon Rubiali Bilbon, Ibaizabalen aurrean, jarritako estatua / cc-by-nc Pixelillo.

Ramon Rubial (Erandio, 1906 - Bilbo, 1999) metalurgian langilea eta politikari sozialista garrantzitsua izan zen. 1920an UGT sindikatuan hasi zen militatzen eta 1922an PSOEn afiliatu zen. 36ko Gerra Zibilean borrokatu zuen, errepublikaren alde, eta 1937an atxilotu eta 30 urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Hala ere, 1956ko abuztuaren 23an askatu zuten eta klandestinitatean lan egiteari ekin zion. Alderdi sozialistaren presidentea izan zen 1976tik 1999an hil arte. 1977an Bizkaiko senatari bihurtu zen eta 1978tik 1979ra Euskal Kontseilu Orokorraren presidentea. Gaur egun bere izena dauka Txurdinagan PSE-EEk daukan egoitza. Horrez gain, Bilbon bizi izan tokitik gertu bere irudi bat jarri du Udalak, eta Abandoibarrako kaleetako bati bere izena jarriko zaio. Bere jaioterrian ere Ramon Rubial du izena kaleetako batek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun