Ostegun honetan, martxoak 4, Getxoko Gazta Azokaren seigarren ekitaldia hasiko da. Igandera arte, jatorri anitzeko 16 ekoizle bilduko dira bertan eta, ohi bezala, azoka Algortako Telletxe plazan kokatuko da. Publikoak zenbait mota eta jatorritako gaztak dastatu eta erosi ahal izango ditu lau egunetan zehar, Getxoko Kultur Etxeak iragarri duenez. Besteak beste, gazta mota hauek egongo dira salgai: Casarreko opila, ahuntz-gazta, titi-gazta, Kantabriako gazta, Montbru (Katalunia), Guara ardi-gazta (Aragoi), Idiazabal, Valsequillo (Kanariar Uharteak) eta Erronkariko gazta, besteak beste. Aurten, gainera, beste herri batzuetako gaztak ere egongo dira: parmesanoa, escoubeyrou eta emmentala. Ondokoa izango da ordutegia: goizez, 11:00etatik 14:30era eta, arratsaldez, 17:00etatik 21:30era. Argazkian, hainbat lagun gazta probatzen iazko azokan / © Getxoko Kultur Etxea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!