1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, Espainiako Poliziak bost langile hil eta ehunetik gora balaz zauritu zituen. Gertaera horiek gogoratzeko eta oroimen historikoaren beharra zabaltzeko, bi ekitaldi interesgarri prestatu dituzte, aste honetarako, Sopelako Meñakoz eta
Ahaztuak 1937-1977 elkarteek. Gaur bertan, erailketa horietatik 34 urte betetzen direnean, “Memoria egin, Justizia egin” izenburuko hitzaldia eskainiko du Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak. Hitzordua 19:30ean jarri dute, Kurtzio Kultur Etxean. "Estatutik aipatzen ez diren biktimen inguruko egoeraz hitz egingo digu", aipatu dutenez. Hitzaldia espainolez emango du. Ostiralean, berriz, zine-foruma egingo dute, Kurtzion bertan, 19:00etatik aurrera. Horretarako, "La revolta permanent" filma aukeratu dute. Pelikula horretan bi protagonista nagusi daude: Lluis Llach abeslari kataluniarra eta martxoaren 3an gertatutakoa zein horren protagonistak. Proiekzioaren ondoren, solasaldia egingo dute, Andoni Txasko
Martxoaren 3ko biktimen elkartearen kidea bertan izango dela. Argazkian, gaur emango du hitzaldia Martxelo Alvarezek.