Astrabudua eta Erandioko PSE-EEren gazteriek antolatuta, astelehen honetan, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean, mahai-ingurua egingo dute Tartanga institutu astrabuduarreko areto nagusian, Tartanga kaleko 15. zenbakian. Hitzordua 19:30ean jarri dute. "La situacion de la mujer en el mundo. Derechos conseguidos y Nuevos retos por los que luchar" izenburupean jatorri (geografiko, kultural, sozial...) desberdineko emakumeek parte hartuko dute ekitaldian, azaldu dutenez. Ondokoak izango dira mahai-inguruan: Pilar Grados Garcia, gizarte mugimendu eta GKEen idazkaria PSE-EEren Batzorde Exekutiboan eta Psikologian lizentziatua; Ghyslaine Kanza (Kongo), Baliabideen Zentro Afrikanistako (CREA) kidea eta Zuzenbidean lizentziatua; Libia Elena Solorzano Sanchez (Espainia-Kolonbia), Psikopedagogian lizentziatua; Martha Luisa Gonzalez (Kolonbia), Kolonbiako kontsul ohia (Indonesian, Madrilen eta Bilbon), Elkarte Hispano Latinoamerikarreko (AHISLAMA) presidentea eta "Euskadi News" aldizkariaren sustatzailea; eta azkenik, Magaly Arrayan Bonet (Peru), Nazioarteko Elkartasuna erakundeko lankidetza teknikaria eta Obstetrizian lizentziatua. Argazkian, Altzagako herriko etxean batzen da Erandioko JSE-Egaz taldea.