Lehenago gertaera garrantzitsu batzuk izan baziren ere, esate baterako, EHUko Kimikako katedradun Jacinto Iturbek euskarazko lehen tesina irakurri zuen 1974an edo Rikardo Arrue kardiologoak euskarazko lehen tesia defendatu zuen 1976an, klase ofizialak euskaraz emateko oinarriak 70ko hamarkadako bigarren erdialdetik aurrera jarri ziren, EHUko arduradunen arabera. Adibidez, Zientzia eta Teknologia Fakultatean 1979-80an Biologia, Geologia eta Kimikako lehen maila osoa euskaraz eman zen; Donostiako Kimika Zientzien Fakultatean 1977an euskarazko lehen irakasgaiak eman ziren; Bilboko eta Donostiako Irakasleen Eskoletan lehenengoz ikasleak euskalduntzeko eskolak antolatu zituzten eta gero, 1978an, Euskal Filologia espezialitatea sortu zen eta ondoren gainontzeko espezialitateak euskaratzen hasi ziren. 1982-83rako beste espezialitateak ere euskaraz ikasi ahal ziren; Araban, 1977an, Arabako Unibertsitate Ikastetxean, Euskara Katedra eratu zen, bertako buru Koldo Mitxelena eta laguntzaile Enrique Knörr zirelarik. Ekimen hauetako protagonista asko ekitaldian izango dira. Bertan EHUko Euskara errektoreordeak izandako guztiak egongo dira, besteak beste.
Ekitaldiaren programa osoa da:
- Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreorde Jon Irazusta jaunaren agurra.
- Karmele Artetxe historialariaren hitzaldia: "Euskara eta unibertsitatea 70eko hamarkadan".
- EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle Jesus Mari Txurruka jaunaren berbaldia.
- EHUko Letren Fakultateko irakasle ohi Karmele Rotaetxe andrearen berbaldia.
- EHUko Kimika Fakultateko irakasle eta ikasle ohi Maria Jesus Barandiaran andrearen berbaldia.
- EHUko ikasle ohi eta Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari Enrique Zuazuaren berbaldia.
- 70eko hamarkadan euskarazko irakaskuntza sustatu zuten lagunei gorazarrea.
- 1981-84 urteetan EHUko errektore izan zen Gregorio Monreal jaunaren hitzaldia.
- EHUko errektore Iñaki Goirizelaia jaunaren hitzaldia.
- Musika eta dantza ekitaldia: "Ttakun ttan ttakun" ikuskizunaren pasarteak izango dira.