Lehenengo martxa ez zen ekimen puntual batean gelditu. Munduko txoko guztietako emakume eta talde feministak; bakoitza bere errealitatetik abiatuta aldarrikapen berdinak oinarri hartu eta nazioarteko sarea osatu genuen. Neuk esperientzia hau pertsonalki bizi izanari polita eta arrunt aberasgarria deritzot: Bakoitzaren errealitatetik aldarrikapen komunak adosteko gai izatea; jakinda, askotan errealitate hauek elkarrekin talka egiten dutela.
Prozesu honetan bereziki azpimarragarria izan zen 2004an Rwandan burutu zen nazioarteko bilera. Orduko haren helburu nagusia Emakumeon mundu mailako Baloreen Karta osatzea izan zen. Eztabaida mamitsuak izan ziren eskuartean genituen kontzeptu konplexu bezain garrantzitsuak kokatzerako orduan. Askatasuna, Parekidetasuna, Elkartasuna, Bakea, Justizia… bezalako hitzek ñabardura eta adiera asko izan ditzakete, aipatzen dituenak bizi dituen baldintzen arabera.
Baldintzok oso desberdinak dira kontinente bakoitzean bizi garen emakumeon egunerokoan, baina sistema patriarkal beraren atzaparrek estutzen digute guztioi lepoa. Ondorio gisa, bada, sistema honekin amaitu eta guztiontzako mundu desberdin baten eraikuntzarako oinarrizko kontzeptuekin gelditu ginen karta hura osatzeko orduan.
Indarkeria sexistarekin amaitzea zen lehentasuna afrikarrentzat; abortu eskubidea, lan duina… 50 herrialde ingurutatik bildutako emakumeontzako gure bizi-baldintzak hobetzea markatu genuen helburu nagusitzat. Mundua aldatu nahi genuen eta hala nahi izaten jarraitzen dugu gaur, egunez egun.
Baloreen Karta hura oinarri hartuta Bigarren Mundu Martxa abiatu zen Brasildik 2005eko martxoaren 8an. Urte hartan errelebo martxak munduko txoko asko ukitu zituen urriak 17an Burkina Fason amaitu aurretik; haien artean Euskal Herria maiatzaren 24an, bertan bizi garen emakume askok gogoratuko dugun bezala.
Urte hartako ekimen zentrala elkartasun manta osatzea izan zen, martxa igarotako herrialde bakoitzak gehitutako zatitxoz osatutako manta erraldoi eta koloretsua.
Martxen arteko denboran ere zer egina izaten da askotan, sistema patriarkalak ez baitu deskantsatzen. Horrela, Afrika, Asia, Europa eta Ameriketako 163 herrialdeetako 4000 taldek baina gehiagok osatutako sareak elkarguneak eta ekimenak egiten jarraitu dugu epe honetan. Honen adibide oso garbia dugu Euskal Herriko Emakumeon Eskubide Karta.
Emakumeen Baloreen Karta oinarritzat hartuta euskal emakumeon bi urteko eztabaidaren ondorioz sortutako dokumentu honek mugarriak jarri eta etorkizunerako bidea markatu zuen, Euskal Herrian parekidetasuna lortu bidean moldatu beharreko aspektuak definitu zituen eskubide formatuan.
2008ko otsailean aurkeztu genuenean kontziente ginen eta gara eskubide hauetako asko lehendik ere idatzita direla hainbat dokumentutan, beste batzuk aldiz, ez. Baina eskubide hauek erreal bihurtzeko bidea eta lana zen zehazki arduratzen gintuena karta hau kaleratu genuenean. Urte hartan bertan Mundu Martxako 3. ekimena diseinatu eta beronen ardatzak eztabaidatzeari heldu genion Vigon. Lau lan ardatzetan kokatu genuen eztabaida: indarkeria, pobrezia, elikadura subiranotasuna eta bakea. Berriz ere kontzeptu konplexuok edukiz bete eta etxeko lanak egitera bueltatzeko ordua zen; 2010eko Mundu Martxa Euskal Herrian antolatzen hasteko ordua. 2010 arrazoi martxan jarraitzeko manifestua eta Eskubide Karta eskuan hartuta indar eta lagun berriak bilatzeari ekin genion gaurko eguna arte, Euskal Herriko errelebo martxaren atarian aurkitzen baikara.
Azken ekimenean emakumeok txandaka mobilizatu baginen aurtengoan mundu osoko emakumeak aldi berean emango ditugu urratsak geure eskubideen aldeko borrokan. Izan ere, lehen aipatu dudan bezala, patriarkatuaren kontrako borrokak biltzen gaitu. Euskal Herria nazio bezala onartuta eta errespetatua den espazio honetan aukera bikaina daukagu geure errealitatea eta borroka beste herrialdeekin konpartitu eta ezagutarazteko.
Hau eta beste 2009 arrazoigatik, denak batera eta bakoitzak bere errealitatetik mundua eta sistema hau aldatzeko borroka egingo dugu. Emakumeon indarrez Euskal Herria, Mundua parekidea eraikiko dugu.
Izaskun Guarrotxena Emakumeon Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformako kideak gaur "Deia" egunkarian argitaratutako artikulua