Gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Urdulizko Kultur Etxean bildu dira Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerri guztietako alkateak, emakumeenganako indarkeriaren kontrako koordinazioa hobetzeko lehenengo protokoloa sinatzeko asmoz. Tokiko agintariez gain, Jose Antonio Varela Ertzaintzaren zuzendariak, Mariola Serrano Genero Indarkeriaren Biktimen Arretarako zuzendariak, Mari Luz Marques Osakidetzaren Uribe eskualdeko zuzendariak eta Uribe Kostako Mankomunitateko Emakumeen Batzordeko ordezkariek berretsi egin dute aipatu agiria. Protokoloaren helburua da, Barrika, Berango, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela eta Urduliz mailan, tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei, "informaziorako, erabateko arretarako, babes juridikorako eta poliziaren zaintzarako duten eskubidea bermatzea", Juan Olea Urdulizko alkate eta Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez. Argazkian, erakunde ezberdinetako ordezkariak gaur Urdulizen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!