Batzuen ustez, Getxoko euskararen munduak ez dauka aurrera egiteko adina indarrik. Ez dugu baieztapen horretan sinesten eta zurea bezalako keinuek horri buelta ematen laguntzen digute. Bapiruke antolatzen, blogari euskaldunak biltzen, sagardotegira txangoak egiten, aldizkariak kaleratzen, berbalagunak euskaraz berba egitera animatzen, albisteak idazten, eskola kirola euskalduntzen... hori guztia egiten jarraituko dugu zu bezalako jendeari esker; gure egitasmoak zureak eta gure beharrean sinesten duten guztienak direlako, zuek egiten baitituzue posible; zuek ematen diezue zentzua.
Zuk eskatutakoa betetzeko gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu; herri honi berea den hizkuntza zaharra itzultzeko, bidea egiten jarraituko dugu. Eta ziur izan, bide luze horretan zu bezalako asko topatzen baditugu gure beharra askoz errazagoa izango da.
Apirilean adibidez, Sarea Josten ekimenari esker, herriko euskaldunak elkarlanean ikusiko ditugu; bazkaltzen, hitzaldiak entzuten, herri kiroletan lehiatzen eta beste hainbat kontutan parte hartzen, elkarregaz. Zeu ere gure artean egongo zara, Berbalagunen mingainetan, taldekideak animatzen dituzten lagunen oihuetan, txalapartarien ttakunetan...
Bitartean, beharrean jarraituko dugu getxoztarrei eurena den hizkuntza zaharra itzultzeko. Bertsolari ezagun batek esan zuen bezala: “herri hau sortzen segi dezagun euskaratik eta euskaraz”.
Besarkada gozoa, hurrengora arte!
Bizarra Lepoan, Egizu, "UK" aldizkaria eta UKBERRI.NET agerkari digitalean opari berezia jaso barri dugu; zapore gazi-gozoa gelditu bazaigu ere, bihotzez eskertzen dugu.