Interneteko gizarte sareak erabiltzean datzan iruzur berri bat atzeman duela ohartarazi du Getxoko Udaltzaingoak. Polizia iturriek azaldutakoaren arabera, posta elektroniko bidez, lanpostu bat eskaintzen diote erabiltzaileei iruzurgileek; klaseak emateko edo, antzemandako kasuan bezala, enpresa garrantzitsuenen publizitate kanpainetan irudia erabiltzeko. Irudi pertsonalaren ustezko erabilpenaren truke, biktimak kontratu faltsua jasotzen du, normalean, Londreseko helbide batetik eta ingelesez. Kontratu horretan ustezko enpresa kontratatzailearen izena agertzen da; baita herrialde horretako Merkataritza-erregistroaren ustezko inskripzio zenbakia ere, sinesgarritasun handiago emate aldera. Ondoren, jasotzaileari jakinarazten diote 1.000 edo 2.000 eurotako bidaia-txekeak jasoko dituela, inoiz ez 3.000 euro baino gehiagokoak. Horiek bere kontu korrontean sartu eta “agente” bati %80ko komisioa bidaltzeko eskatzen diote; biktima %20rekin geratzen dela uste duen bitartean. Iruzurra bidai-txeke faltsu horien bidez egiten dute. Peritatze ofizialean bere faltsutasuna egiaztatu da eta horiek “garbitutako txekea” izena dute, Getxoko Udaltzaingoak aipatu duenez. Argazkian, Getxoko Udaltzaingoaren Koordinazio Zentroa / © Getxo.net.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!