Emakumeen Mundu Martxa bihar, asteazkenarekin helduko da eskualdera eta hori baliatuz, Euskal Herriko Emakumeen Eskubideen Karta (pdf) betetzea aldarrikatuko du bertako mugimendu feministak, "berdintasuna, askatasuna eta elkartasuna oinarri duen mundua" helburu.
Horien ardatzetako bati, emakumeen behin-behinekotasunaren aurkako borrokari, emango diote lehentasuna, noiz eta "eredu neoliberal eta patriarkalaren" jarduerak "emakumeok lan ordaindu duina izateko dugun eskubidea ziurtatzeko" bermerik eskaintzen ez duenean eta "are gutxiago krisi garaian". Izan ere, Iratxe Azkue Eskumaldeko LABeko eledunak salatu zuenez, sistema "kapitalista heteropatriarkalak" morrontza horiek ezartzen dituen bitartean, Administrazio ezberdinek hartzen dituzten krisiaren aurkako neurriek ere "sexuen arteko ezberdintasunak areagotu baino ez dute egiten". Izan ere, salatu zutenez, "sexu banaketan oinarrituta dagoen lan merkatura zuzenduta" baitaude.
Ildo berean, feministek gogor kritikatu zuten dirua zein arlo ekonomikotara bideratzen den: "krisian dauden industriak diruz laguntzean, gizartearentzat eta emakumeentzat onuragarriak izango liratekeen bestelako inbertsioak baztertzen dituzte". Horren adibide jarri zituzten hezkuntza, osasungitza, gizarte zainketa eta bestelako gizarte azpiegituretara bideratutako laguntza urriak. Izan ere, haien ustez, "emakumeok gara krisialdi honen eta aurrekoen kalteak biguntzen jarraitzen dugunak", besteak beste, "zainketa eta erreprodukzio lan" ia guztiak bere gain hartzen dituztela. Lan horiek "ez dira ez ordainduak eta ezta gizartean aintzat hartutakoak ere, baina, halere, guztiz beharrezkoak dira".
Horren aurrean, eta emakumeek "hiritar eta langile gisa" dituzten eskubideak borrokatzeko antolatzera deitu zuten. Izan ere, "lan duina, zerbitzu sozial egokiak, etxebizitza, zainketa, heziketa, osasuna eta bortxakeria sexistarik gabeko bizitza askea" lortzeaz gain, "egun, krisiaren aitzakiaz eta beldurra erabiltzen, orain arte eskuratutako lorpen sozialetan atzera pausuak" eman ez daitezen borrokatu beharra azaldu zuten.
Emakumeon Mundu Martxa
Bihar, asteazkena, Emakumeon Mundu Martxari egingo diote harrera eskualdean. Bizkaiko Zubitik sartuko da Uribe Kostan, 17:00ak aldera, Ezkerraldeari lekukoa hartuta, Getxoko Bilgune Feministak zehaztu duenez. 17:15ean, auto-karabanan abiatuko dira Erandiorantz; eta ordu laurden beranduago, Altzagan, metro geltoki ondoko plazan izango da ekitaldia. Ordura arte egindako horma-irudiak erakutsi eta, Kongori elkartasuna adierazteko asmoz, eskualdean egindako testigantzaren irakurketa egingo dute bertan. Izan ere, urriaren 17an, munduko emakumeak Kongoko Sud Kivu probintziara joango dira, gatazkan bizi diren emakume guztiei elkartasuna adierazteko asmoz. Amaitzeko, aipatu asteazken horretan, 18:00etan egingo diote agurra Emakumeon Mundu Martxari. Auto-karabanak gidatuko du lekukoaren furgoneta Bilboraino.