Ikasle Abertzaleen irakurketa:
Betidanik esan dugu gaur egun dagoen hezkuntza sistemak ez dituela pertsonak sortzen. Akritiko, pasibo, esaneko, full-time... nahi gaituzten garai honetan, emakume eta gizon ere nahi gaituzte. Honela, sistemak betidanik funtzionatzeko erabili duen banaketak, eredu kapitalista inperialistari egiten dio soilik mesede. Emakume eta gizon banaketa honek, batzuei nagusitasuna eta besteei morrontza besterik ez die eman nahi.
Ondo konturatu gara, hezkuntzak sistema honi mesede egiteko erabiltzen dutela agintariek, frantses eta espainol egiten gaituzte. Gaur egun, eskola sistema mistoa daukagula eta, guztiek aukera berdinak dauzkagula aldarrikatzen dute boteredunek. Lanaren bidez, nahi duguna izatera helduko garela aldarrikatzen dute. Emakume batek, rol zapaltzailea hartzen baldin badu helduko da bankuko zuzendari izatera.
Baina ez dira ohartzen, guk, ez dugula zapaltzaile izan nahi. Guk pertsona izan nahi dugu. Gure berezitasunak onartu eta horiekin bizi nahi dugu. Ez ditugu ez emakumeari ez gizonari egozten zaizkion rol txarrak barneratu nahi. Kritiko, iraultzaile eta feminista izan nahi dugu. Eta bagara!!
Horregatik gaude egunero hezkuntza sistema hezkidetzailea eskatzen. Ohartu gara, ez dugula gustuko daukaguna. Testuliburuetan gizonezkoen nagusitasuna bermatzen duena, espazioaren banaketan gizonari preferentzia ematen diona, gizonezkoen baloreak goraipatu eta emakumearenak baztertzen dituena, emakumea zaintza eta edertasunera bultzatu eta gizonezkoa arrakastara bidaltzen duena...
Badakigu bai, "nahi badugu" denok izan gaitezkeela arrakastatsu, denok izan gaitezkeela eder, denok izan gaitezkeela dirudun,... Baina zein balore onartu beharko ditugu elite talde horretan sartzeko? Zein jokabide barneratu beharko ditugu? Ez, gu ez gara zapaltzaileak izateko jaio. Gu iraultzaileak eta feministak gara, eta horregatik gure eskuetan dagoena egingo dugu sistema hau aldatzen saiatzeko.
Guk hezkidetza aldarrikatzen dugu. Pertsonak heziko dituen hezkuntza nahi dugu eta ez genero rolak bermatzen dituena. Martxoak 8, ez da aurpegia garbitzeko egun bat. Haserre gaudela eta gauzak aldatzeko lanean gaudela aldarrikatzeko egun bat da, eta noski, aurpegia garbitzen saiatzen diren horiei, sinesten ez ditugula aldarrikatzeko egun bat da. Instituzioek, eskolek.... asko egiten dute patriarkatua mantentzeko, eta guk hori badakigu! Horri aurre egitera goaz!!
Patriarkatua borrokatu! Ikasleok, hezkidetza!