Aurrerantzean oinezkoentzat arriskutsu izateari utz diezaion, Lutxanako bidegurutzean herrilanak egingo dituzte Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Lan Sailak eta Erandioko Udalak. Asua-Erandio errepidearen eta itsasadarreko galtzadaren arteko bidegurutze horretako segurtasuna hobetzeko hitzarmena sinatzea onartu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, eta laster protokoloko sinadura gauzatuko dute. BI-735 eta BI-711 errepideen arteko bidegurutze horretarako proiektuaren arabera, errepide azpitik oinezkoentzako lurpeko pasabide bat egingo da, Lutxanatik Altzagarako joan-etorria oinez egiten dutenek arriskurik izan ez dezaten. Gainera, Itsasadarreko errepidean (BI-711) oinezkoentzako ibilbide bat jarriko dute. Proiektua gauzatzeko, 796.544,36 euroko aurrekontua ezarri du Foru Aldundiak. Udalak, bere aldetik, proiektua gauzatzeko beharrezko diren lurzoruak eskuratzeko ardura izango du. Argazkian, Lutxanako bidegurutzea / © Erandio.net.