Areetako kaian paperontzirik ez dagoela salatu du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko mar. 9a, 18:50

Getxoko Udalak Areetako pasealekua zahar-berritu ostean paperontzirik ez duela jarri kritikatu du gaur goizean Getxoko PPk. Marisa Arrue zinegotzi popularrak nabarmendu du kaian “2.300.000 euro gastatu ostean erabat ahaztu" dutela zaborrontziak jartzea. Areetako hondartzatik Bola hondartzara doazen 1.500 metrotan kale-argi eta banku berri ugari daude baina ezin da paperontzi bakar bat ere ez topatu. Horregatik "eta pasealekua garbi mantentzeko asmoz", arazo honi konponbidea "ahalik eta lasterren" jar dadin eskatu dute popularrek. Getxoko Udal Gobernuari "kaian behar diren beste paperontzi ipintzeko" aldarrikatu diote. Pasa den ostegunean inauguratu zuen Imanol Landa alkateak aipatutako pasealekua. Gogoratu zuenez, Areetakoa "Bizkaiko pasealekurik erabilienetakoa da, Getxoko pasealeku nagusiena, udalerriko irudi eta posta txartela".

Getxoko Udalaren prentsa oharra:

Areetako moilako pasealekua, erakargarri, moderno eta atseginagoa da

Areetako moilak, bertako urbanizazio lanak amaitu eta gero, itxura erakargarri, moderno, atsegin eta ikusgarriagoa dauka bertatik ibiltzen diren guztientzat, ibiltari zein bisitarientzat. Lanak, urte erdiz egin dira, eta 2.300.000 euroko inbertsioa suposatu dute.

Jarduera hau Getxoko kultur, giza, kirol eta ekonomi ekipamenduak modernizatzeko, Imanol Landa alkatea buru duen Gobernu taldeak bultzaturiko egitasmoaren harira egin da. Prozesu honen barruan dago ere, Landak gaur nabarmendu duenez, “gure herritarrek zein bisitariek gehien estimatu eta maitatzen dituzten espazio publikoak berriztu eta beren balioa handitzea”.

Esparru horien artean dago, hain zuzen, Areetako moilako pasealekua, “Bizkaiko pasealekurik erabilienetakoa da, Getxoko pasealeku nagusiena, udalerriko irudi eta posta txartela, eta hobetu egin dute bertan argiztapen berria eta kalitate handiko hiri hornigarriak ipiniz, hesi arkitektonikoak kentzearekin batera”, nabarmendu du alkateak.

Pasealekuan zehar 99 kale-argi kokatu dituzte, berri eta modernoak, pasealeku osoan zehar, eta horri esker gauez ere gehiago eta seguruago ibili ahal izango da bertatik. Segurtasun maila ere indartu egin dute mune garaiagoa eginez “paseatzera beren neska-mutikoekin doazenen lasaitasunerako”. Hormatxoak, datorren udalditik aurrera, gainera, argi bereziak izango ditu, izan ere, munea goitik behera uraren azaleraino eta baita inguruko etxeak ere gauez argiztatzeko, ibiltokia are ikusgarriagoa eginez.

Berriztu duten pasealekuaren luzera, guztira,1.500 metrokoa da, Txurrukako monumentutik Bola hondartzarainoko tartean, eta bertan egindako lanei esker 6,5 metroko zabalera duen oinezkoen guneko zoladura zaharberritu da, baita 3m zabalerako bidegorriarena –oinezkoen gunea eta bidegorriarena maila berean utziz- eta oinezkoen atseden gunekoa ere berriztu egin da, kalitate handiko 51 banku ipiniz. Berdegune gehiago ere izango du etxe ondoetan 400 metro koadro irabazi baitira.

Azkenik, Hirigintza alorraren ardura duen zinegotziak, Joseba Arregik, bere aldetik gogoratu du, pasealeku osoan egindako lanak Areetako hondartza herrian integratuz osatu direla. “Hartara, 3 farola berezi kokatu dira hondartza argiz apaintzeko gauetan, eta errazago sartzeko pasabide berriak egokitu dira –3 arrapala daude baranda eta guztiz–, beren mugikortasun maila edozein dela ere pertsona guztiek goza dezaten, baita gauez ere”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun