Palestinara heltzean “Welcome to Palestine” da entzuten den ongi etorriaren lehenengo esaldia, erakusketaren antolatzaileek aipatu dutenez. "Herri palestinarra suntsitu duen erregimen sionista totalitario baten 60 urteko okupazioak ez du autodeterminazioaren eta onarpenaren alde borrokatzen duen herri baten harrotasuna isildu, nahiz eta nazioarteko erakunde eta gobernuek beste alde batera begiratu", gaineratu dute. Ekimena Bakea eta Duintasuna eta Biladi elkarteek antolatu dute, Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatutako “Palestinako Lurralde Okupatuetan Giza Eskubideen eta Nazioarteko Zuzenbidearen betetzeari buruzko Bizkaiko herritarrei zuzendutako sentsibilizazioa” izeneko proiektuaren baitan.
Bakea eta Duintasuna
Bakea eta Duintasuna garapenerako lankidetza, elkartasuna eta giza eskubideen esparruan lan egiten duen elkarte independentea da, nazioarteko harreman justu eta solidarioagoak eraikitzeko asmoz gizartearen sentsibilizazioan eragina izan nahi duena, mundu mailan garapen berdintsuago bat lortzeko. Bakea eta Duintasuna 1995ean sortu zen sentsibilizazio esparruan lanean hasi zelarik. Helburua gaur egun dagoen garapenaren ereduarekiko kontzientzia kritikoa sortzea zen, eredu hori injustu eta desberdintasunen eragiletzat hartuta.
Biladi
Biladi palestinar kultur zentroa 2003an sortutako irabazi asmorik gabeko elkartea da, herri palestinarra eta euskaldunen arteko harreman kulturalak sustatzeko helburuarekin. “Biladi” izenaren esanahia “nire lurra” da, Lurralde Okupatuetan eta errefuxiatuen kanpamenduetan sakabanatuta bizi diren 8 milioi palestinarren lurra, alegia. Biladi elkarteak palestinarren errealitatea, bizitza, kultura, ohiturak eta tradizioak sustatu eta landu nahi ditu interesa duten erakunde eta pertsonengan.