Sopelako Herri Lasterketaren urteroko hitzordua igande honetan, martxoak 14, izango da, tokiko iturriek jakinarazi dutenez. Zortzigarren edizioa jokatuko da aurten. Aurreko urteetan bezala, Munarri Atletismo Taldeak antolatu du,
Sopelako Udalaren babesarekin. Antolatzaileek azaldu dutenez, "parte-hartzea handia izango da, mila korrikalari inguru izango baitira. Horietako erdia eskola umeak dira eta beste erdia federatuak". Prebenjaminak izango dira lasterka egiten lehenengoan, goizeko 10:30ean. Azken irteera, berriz, seniorrena izango da, 11:30ean. Tartean, kategoria desberdinetako korrikalariak irtengo dira hamar minuturo: benjaminak, kimuak, haurrak eta azkenik, kadeteak eta jubenilak. Bosgarren ediziotik aurrera, Zaldu zonaldetik egin dute ibilbidea, Sopelako erdigunea arintzeko asmoz. Halere, helmuga Sabino Arana kalean izango da, ohi denez. Eskoletako lasterketak ere kale berean egingo dira. Argazkian, emakume bi iazko herri lasterketan / © Sopelana.net.