Hezkuntza mundutik, eragile eta norbanako ezberdinek hezkuntza munduari eta jendarte osoari egiten dieten deia da Hezkuntza Deialdia. "Estatu espainola eta frantsesa, beraien hezkuntza sistemak inposatzeaz gain, euskal hezkuntzaren aurkako eraso bizian ari dira azken aldian: euskara, euskal kultura eta nortasunaren aurkako gurutzada indartu dute", salatu du Euskal Herriak Bere Eskolak. Gauzak horrela, "guztiok batera, inposizioari, doktrinamenduari eta uniformizazioari ezetz esateko", eta horrekin batera, "gurea dena eraikitzeko, hainbeste amets eta hainbeste lan eman digun koloretako hezkuntza sistema propioa eraikitzeko" garaia dela aldarrikatu dute gaur Leioa eta Erandioko campusean. Unibertsitatetik ere asko daukate esateko horretan, EHBEren iritziz, "gaur egun Euskal Herri luze-zabalean aurki ditzakegun unibertsitate ezberdinek ez dietelako bertako ikasle, irakasle, ikerlari edo langileen beharrei erantzuten; ezta Euskal Herriaren beharrei ere".
Alez ale
Bide horretan, gaurko ekitaldian aletu dituzte gura duten unibertsitate ereduaren ezaugarriak. Lurrean jarritako pankarta erraldoitik erauzi dituzte "inposatutako unibertsitate ereduaren" nondik norakoak irakur zitezkeen tirak, ondokoei ezetz esanez: euskaraz ikasi, irakatsi, ikertu eta bizitzeko eskubidea bermatzen ez duen unibertsitateari; herriari bizkarra emanez diharduen unibertsitateari; unibertsitate komunitatearen parte hartze parekatua bermatzen ez duen unibertsitate antidemokratikoari; goi mailako hezkuntza eta ikerketaren merkantilizazioari; unibertsitate erreformen inposizioari; estatuen eta interes ekonomiko-enpresarialen mesedetan diharduen unibertsitateari; eta gure herria ezagutzen ez duen unibertsitateari. Horrenbestez, agerian gelditu da zer nolako unibertsitatea gura duten: euskara oinarri eta ardatz izango duen unibertsitate eleanitza; jendartearen parte hartzearen sustatzailea izan eta herriaren zerbitzura egongo dena; Euskal Herriaren biziraupen eta garapenean lagunduko duena; unibertsitateko sektore ezberdinen parte hartze demokratikoa bermatuko duen unibertsitate herritarra; Euskal Herriaren behar formatiboak aseko dituena; bestelako Euskal Herri eta jendarte bat eraikitzeari begira egongo den ikerketa garatuko duena; eta Euskal Herritik mundura begiratuko duen unibertsitatea, finean.
Ikusi EHBEk zabaldutako bideoa: