Bizkaiko Zubiak zubi esekia gelditu du gaur
Emakumeen Mundu Martxako furgonetak eta partaideak ez garraiatzeko. Hirugarren nazioarteko martxa feminista Euskal Herrian egiten ari den hirugarren egunean izan da hori, Portugalete eta Areeta arteko ibilbidean. Arratsaldeko 5etan, Areetan dozenaka emakume zain zituen martxak, Ibaizabalen bestaldean martxako partaideak zubi barrenera sartzen ziren bitartean. Biak ala biak lekukoa aldatzeko irrikaz. Baina, zubiko makineria ez da mugitu, eta horren ordez ertzainak eta udaltzainak ageri dira. Orduan, El Transbordador de Vizcaya S. L. enpresak kudeatzen duen garraioaren megafoniak azaldu du "enpresari leporatzekoak ez diren arrazoiak direla eta" zerbitzua etenda gelditu dela, "kontrakoa adierazi arte". Portugaleten, baina, martxako kideei azaldu diete matxura bat izan dela eta "ordu erdi baino gehiago" emango dutela konpontzen. Hori entzunda, eta ordutegi estua bete nahian, Rontegira zuzendu da martxako furgoneta, Erandion aurreikusitako ekitaldia egiteko asmoz. Handik minutu batzuetara Bizkaiko Zubiak zerbitzuari ekin dio berriz.
Jone Bengoetxea martxako kideak horren berri eman dio Info7 irratiari (mp3). Areetan, ordea, oso bestelako bertsioa eman du zabaldutako ertzainen buruak. Zubian eskegitako pankarta seinalatuz, "errua zuena da, protokoloan debekatutako pankartak jartzeagatik" esan diela salatu dute emakumeek. Andrak eta neskak Erandiora zihoazen bitartean, "2010 arrazoi martxan jartzeko" lelopeko pankarta kendu dute ertzainek.