Uribe Kostako emakumeek "ozen" salatu zuten atzo Erandion eskualde osoan emakumezkoek pairatzen duten "prekarietate egoera". Adierazpenak Txorierriko udalerrian egin zituzten Emakumeen III. Mundu Martxaren harira, El Transbordador de Vizcaya SL enpresak martxari Bizkaiko Zubia zeharkatzea amarruz oztopatu, Areetako ekitaldia eragotzi eta hainbat denbora galdu arazi ondoren. Ekitaldia (mp3), hortaz, azkar eta era laburrean egin behar izan zuten 50 bat andra eta neskak. Dena den, denbora izan zuten Uribe Kostan eta Erandion "ezkutuko ekonomian" milaka emakume dihardutela gogoratzeko, batez ere "etxeko zerbitzua delakoan lanean, kontraturik gabe eta lan baldintza okerrenetan". Horren errua ere eskualdean topatu zuten, "patroien zati handi bat hemen bizi dela kontuan hartuta". Hori dela eta, "aberastuz gu miseriara kondenatzen gaituen kapitalismoa" salatu eta antolakuntza feminista sendotzera eta borrokatzera deitu zuten. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!