Getxo udalerriko
Bizarra Lepoan euskara elkarteak 5 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzako
egonaldi irekiak antolatu ditu Aste Santurako, Bapiruke egitasmoaren barruan. Guztira, zazpi egun aukeratu dituzte, txangoak txango, Algortan izango diren ekintzetarako: martxoaren 29tik 31ra eta apirilaren 6tik 9ra, 9:00etatik 13:30era egingo dituzte jolasak eta tailerrak; martxoaren 30ean eta apirilaren 8an izan ezik, 17:00ak arte egongo direla, egun osoko irteera izango baitute. Horrenbestez, bazkideek astelehenetik asteazkenera egin ahal izango dute izenematea. Ondoren, martxoaren 22tik 24ra bitartean, bazkideak ez direnen txanda izango da. Lehenengoek 40 euro ordaindu beharko dituzte, bigarrenek 60 euro; eta Oinarrizko Errenta jasotzen dutenek 10 euro. Izenemate hurrenkeran beteko dira lekuak, zehaztu dutenez. Argazkian, Bapirukeko umeak magia saio batean adi-adi.