Pinuetako Gaztelubide kalea Betiko, Altzaga eta Gaztelueta hezkuntza zentroekin batzen dituen errepidea itxita egongo da datorren astelehen, astearte eta asteazkenean (martxoak 15, 16 eta 17), lurrazpiko hodi baten kanalizazio lanak direla eta, Leioako Udaltzaingoak jakinarazi duenez. Aipatu bidea goranzko norabidean baino ezin izango da egin, hau da, Pinuetatik ikastetxeetara; inoiz ez kontrako norabidean. Zonaldeko auto gidariak informazioa izan dezaten, panel bi jarriko dira toki desberdinetan: batetik, Gaztelueta ikastetxeko errotondan; eta bestetik, suhiltzaileen parean. Bestalde, mozketak kaltetutako hezkuntza zentroetako gurasoak jakinaren gainean daude jada, udal iturriek aipatu dutenez. Argazkian, Itzubaltzeta / Romoko Kresaltsu kaleko zati bat ere trafikoari itxi zaio, tokiko kolektore nagusia berritzeko lanak direla eta.